Ingurunea

Hondarribiko gure landetxea abiapuntu paregabea da Gipuzkoako, Nafarroaren iparraldeko eta Ipar Euskal Herriko aberastasun natural, kultural eta gastronomikoa ezagutzeko. Eskualdeak gustu guztietarako proposamenak eskaintzen ditu: arrantza-herri xarmagarriak, historiaz betetako hiriak, mendiak, hondartzak eta parekorik ez duten ingurune naturalak.

Hondarribia: historia, itsasoa eta tradizioa

Ezagutu hirigune historiko harresiduna, ibili Portu auzoko kale koloretsuetan eta gozatu terrazez eta euskal gastronomia ospetsuaz. Zoaz hondartzara ere; gainera, irailaren erdialdetik ekainaren erdialdera arte, txakurrarekin batera joan ahal izango zara, eta elkarrekin une atseginak igaro. Kaialdean herri polit horren marinel-esentzia ezagutuko duzu.

Donostia: hiri atsegingarria

Landetxetik 25 kilometro ingurura dago Donostia, dotorezia, kultura eta gastronomia uztartzen dituen hiria. Paseatu Kontxa hondartzan zehar, igo Igeldo mendira funikular zaharrean —ikuspegi ikusgarria izango duzu aurrean—, ibili alde zaharreko karriketan eta dastatu pintxo eta gazta-tarta famatuak. Zure egonaldian ezinbestean egin beharreko bisita.

Euskal kostaldeko herri xarmagarriak

Nortasun handiko herriak aurkituko dituzu Gipuzkoako kostaldean. Pasaian, bertako portu harrigarria ezagutuko duzu; Getarian, marinel-tradizioaz eta arraina prestatzen duten jatetxeez gozatu, eta, Zarautzen, euskal kostaldean ezagunenetakoa den hondartzan paseatu. Zumaian, aho zabalik utziko zaituzte labar ikaragarriek eta flyscharen paisaia ikusgarriak —nahitaez bisitatu beharrekoak dira—.

Jaizkibel mendia eta eskualdeko natura

Gure etxea Jaizkibel mendiaren hegoaldeko magalean dago. Leku paregabea da mendi-ibiliak egiteko, baso eta labar arteko bidexketan zehar ibiltzeko eta Kantauri itsasoaren bista zoragarriez gozatzeko. Etxetik irten eta berehala, hainbat bide aurkituko dituzu, eta kostaldeko Donejakue bidea 10 minutura dago, oinez joanda. Gainera, Txingudiko badian eta Plaiaundiko paduren inguruan, paseatzeko eta hegaztiak behatzeko aukera aparta izango duzu.

Ipar Euskal Herria: ihesaldia mugaz bestaldera

Frantziatik hurbil dagoenez, Ipar Euskal Herriko kostaldeko lekurik erakargarrienetako batzuk ezagutzeko aukera dago. Zure bidaia osatzeko, bisitatzeko paregabeak dira Hendaia eta bertako hondartza zabala, Donibane Lohitzune eta hango kaia eta karrika zaharrak, eta Miarritzeko kostako giro dotorea. Era berean, merezi du barrualdeko herrietara hurbiltzea; adibidez, piper gorriek ospetsu egin duten Ezpeletara eta arkitektura tradizionalagatik eta paisaia berdeagatik nabarmentzen diren Sarara eta Ainhoara. Ikusgarria da, halaber, Donibane Garazi; batez ere, bertako hirigune historikoa eta Donejakue-tradizioa. Guztiek ere, Ipar Euskal Herriko kulturaren eta tradizioen bestelako ikuspegia eskaintzen dute. Azokak eta merkatu txikiak ere oso gomendagarriak dira.

Gastronomia: ezinbesteko esperientzia

Ingurunea benetako paradisu gastronomiko bat da. Pintxoak, arrain eta itsaski freskoak, sagardo naturala, artisau-gaztak eta tokiko produktuak dastatzeko aukera izango duzu. Taberna tradizionaletan edo goi-mailako sukaldaritzako jatetxeetan, gastronomia funtsezko osagaia da Euskal Herrira egindako bisitan. Hiruzta txakolindegia Kostoeneatik 10 minutura dago, eta ezinbesteko bisita da.

Gipuzkoako barnealdea: natura eta tradizioa

Barnealdea ezagutu nahi baduzu, Oñati bisitatzea gomendatzen dizugu: bertako ondare historiko aparta eta mendiz inguratuta dagoen Arantzazuko santutegia. Tolosara ere joan zaitezke, ezagunak baitira bertako larunbatetako azokak eta gastronomia, eta Aizkorri-Aratz parke naturaleko paisaiak ezagutu ditzakezu.

Bizi Euskal Herria gure landetxetik

Lasaitasun eta natura bila bazatoz, edo kultura, hondartzak, herri xarmagarriak eta ondo jatea maite badituzu, aukera ugari aurkituko dituzu oso hurbil. Aprobetxatu Hondarribiko egonaldia kontrastez betetako eskualdea ezagutzeko. Txango bakoitzean, paisaia eta tradizio berriak ikusiko dituzu.

Zatoz eta gozatu egonaldi ahaztezin batez eta Gipuzkoak eta Ipar Euskal Herriak eskaintzen dutenaz.